XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joanak asko maite du bere neba, baina maiteago du egia:
- Petrirena.

Hainbeste probaren aurrean makurtu egiten da Eztebe:
- Berdin. Petri kalifa izan dadila. Ni borreroa izatearekin franko libertituko naiz.

- Eta zer egin behar dugu orain, Josepe? - galdetzen dio Petrik.

- Lehenbizi erantzuten dio Josepek zuen zapata-lokarriak kenduko dituzue. Haiekin soka luze bat eginen dugu.

Kordelak kentzen dituzte guztiek zapatetatik, eta lokarri luze batean lotzen ditu guztiak Josepek. Joanaren aurpegia mirestez betetzen da:
- Zein polita! Borreroaren seinalea izanen da hori, ez da, Josepe?

- Ez. Soka lodi honekin Kordobako kalifa turkoari eskuak lotuko dizkiogu.

Eta guztien artean Petriri lotzen dizkiote eskuak bizkarraren atzean. Tereza lanarekin egarritu egin da. Hala dio:
- Egarri naiz.

- Eta orain?- Galdetzen du Joanak.

Petriri jokoa ez zaio gehiegi gustatzen:
- Gogorregi lotu nauzue. Min egiten didate kordelek.

Baina Joseperen argudioak ez du erantzunik.

- Honela ez zara eskapatuko.

Haurrek duda haundiak dituzte. Eztebek duda hoek argitu nahi ditu:
- Eta zer eginen dugu orain?

Joseperen arrapostua aguro dator:
- Judizioa besteak isilik geratzen dira. Nik jarraitzen du Josepek boz haundietan, Nafarroako errege Antxo Nagusiak, Jainkoaren graziak ematen didan potereaz beztiturik, Kordobako kalifa Miramamolin turko negro beltz kobardea, Toledoko gatazka-lekuan preso hartu dudana, justiziaz juzgatuko dut.

Terezak erantzuten dio:
- Egarri naiz.

- Eta haren bidegabe guztiak ikusirik, kristau elizak ugari erre dituela ikusirik, monjak eta fraileak hil dituela ikusirik, kalizak eta santu aberatsak ebatsi dituela ikusirik, hiltzera kondenatzen dut. Beraz, Gaztelako eta Aragoeko erregeak haren alde, fabore eta lagun etor ditezen baino lehen, sententzia kunplituko dugu. Fatima eta Zoraida haren emazteak, Naxerako komentu batean sartuko dira monja, Kristoren fedea besarka dezaten arte. Gero nire semeekin ezkonduko dira, hain lore ederrak ezin gal baititezke alferrean.